Alternatibak ditugula erakutsiko dugu

Aurkezpena

Alternatibak dituen herria, bizirik dagoen herria da. Eta Alternatiben Herria ekimena prestatzen ari garen eragileok baditugu alternatibak egungo eredu kapitalistaren aurrean. Hau horrela dela erakusteko hitzordua ere jarri dugu: urriak 24, larunbata, Bilbon.

Helburu horrekin egun beteko egitarau oparoa prestatzen ari gara. Bilboko erdigunea, herri txiki bat bihurtuta, hausnarketaz, alternatiba praktikoz eta baikortasunez beteko dugu horretarako. Bilbon zehar egongo diren gune bakoitzean arlo ezberdinetan ditugun alternatibak ezagutzeko aukera egongo da jarduera ezberdinen bitartez: hitzaldiak, mahai inguruak, azokak, tailerrak, kale ikuskizunak, jolasak… Baina, aldarrikapen eguna izateaz gain, ospakizun eguna ere izango da urriaren 24an. Horregatik, ez dira faltako kale animazioa, jan-edanerako guneak, musika…

Ekimeneko bozeramaileek gaurko aurkezpenean nabarmendu dutenez, “eraldaketaren bidean denon lana behar-beharrezkoa da. Horregatik elkarlanerako deia egiten diegu ekimen honetan parte hartu nahi duten lagun eta eragile guztiei. Alternatiben Herria Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak planteatu zuen erronka da. Gauzak honela, azken hilabete luze hauetan eragile ezberdinek egindako elkarlan honek eman duen emaitza da Alternatiben Herria. Dagoeneko definitu dira egongo diren gune ezberdinetako eduki nagusiak –natura; ekonomia eredua; demokrazia, soberania eta parte hartzea; bizitzaren iraunkortasuna; aniztasuna; eta ondore komuna–. Orain erronka guztion artean gune horiek ahalik eta gehien indartzea da”.

Hau guztia dela eta, Alternatiben Herria ekimeneko kideok mezu zuzena bidali nahi diegu Euskal Herrian bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat posible dela sinetsita lanean ari diren guztiei: “Urriaren 24an ezinbesteko hitzordua dugu Bilbon. Eraldaketaren bidean denon lana ezinbestekoa da, bai Alternatiben Herria ekimena garatzeko eta bai alternatiban eraikitzen jarraitzeko. Guztion artean lortuko dugu!”.

Aurkezpeneko testu osoa eskuratu, hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude