Alternatiben Herriko talde motorearen balorazioa: “Erabateko arrakasta izan da”

IMG_7421Alternatiben Herria ekimena, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren deialdiari jarraiki egindakoa, pasa den urriaren 24an egin zen Bilbon “Bizitza burujabea eskubide osoz” lemapean. Talde motorea arduratu da egitasmoaren antolaketaz eta aste honetan egin du ekimenaren balorazioa, eguna pasa ondoren, bere funtzioak beteta.

Bere egunean, hauek izan ziren ekimenari ezarri zitzaizkion helburuak:

  • Euskal Herriak herri gisa alternatibak badituela zabaltzea eta beste eredu sozial hori zehazten hastea.
  • Euskal Herriko Mugimendu Sozialaren kohesioan urratsak egitea.
  • Trantsizio sozial eta ekologikoa lortze bidean, gizartearen aktibazio eta mobilizazio beharra azpimarratzea, eta horretarako gonbita egitea.
  • Alternatiben Herriaren ondoren alternatiba horiek guztiek elkarlanean jarraitzea.

Talde motorearen hitzetan, “erabateko arrakasta” izan da Alternatiben Herria: egitaraua oparoan jasotako ia ekintza guztiak bete dira, 167 eragilek hartu dute parte ekimenean orotara, dozenaka alternatiba, proposamen, aldarrikapen,… bizitzaren esparru guztietarako, milaka lagun modu aktiboan parte hartzen (hitzaldietan, tailerretan, ekintza ludikoetan, alternatibak ezagutuz eta babestuz,…). Oro har, giro baikorra: zenbat gauza interesgarri, zenbat indar, gogo, energia eta ilusio,…

Egun horretan aukera izan zen esparru ezberdinak biltzeko: ekologismoa, nekazaritza, feminismoa, sindikalgintza, kooperatibismoa, eskubide sozialen defentsa. Gehiegitan elkarri bizkarra emanda gaude. Egun horretan elkarren ondoan eta elkar eragiteko prest gaudela erakutsi zuten esparru anitzetako eragileek eta norbanakoek.

Bizitzak, burujabetzak, eskubideak, duintasunak, subjektu politikoak, bizi-ereduak,… Kontzeptu hauen inguruan antolatutako bilgunea izan zen Alternatiben Herria eta etorkizun hobe eta justuago baten ardatzak izateko potentzialitatea erakutsi dute.

Azkenik, “alternatibarik ez dagoela esaten dutenen aurrean, erakutsi dugu ez gaudela esku hutsik” gaineratu du talde motoreak. “Gure aurretik oraindik lan asko daukagu. Baina Alternatiben Herriak balio izan du indarrak hartu, baikortasunez bete eta martxan dagoen herriari hauspoa emateko. Hemendik aurrera, Bilbon irekitako leihoa irekita geratu da. Denon eskutan dago “Bizitza burujabea eskubide osoz” leloa eta praktika lau haizeetara barreiatzea”.

Talde motoreak eskerrak eman nahi dizkie Alternatiben Herrian modu batean edo bestean parte hartu duten eragileei, bertatatu ziren milaka lagunei, boluntario moduan lanean aritutako ehundaka pertsonei, “crowdfundingean” euren ekarpen ekonomikoa egin duten ehundaka pertsona eta eragileei eta taberna zein lokal laguntzaileei, materiala utzi zuten kolektibo eta udalei. “Denon artean egin genuen eta denok izan ginen Alternatiben Herria”.

Aurrera begirako lanari dagokionez, esperientziaren sistematizazio lanarekin jarraituko da eta urtarrilaren 23an, Asanblada egingo dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek.

Amaitzeko, gogoratu ekarpen ekonomikoa egin nahi duenak horretarako aukera duela Fiareko kontu zenbaki honetan:

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Plataforma: ES63 1550 0001 2000 0139 9922 (Fiare)