maiatza 14, 2018

Azokan izena eman!

Iruñean ekainaren 2an eginen da azoka, egun osoan. Irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimena eta irekia denez, edozein gizabanakok edo taldek parte ahal izanen du, baldin eta helburuekin bat egiten badu. Ekimenaren asmoen artean anitza eta irekia izatea da, beraz Nafarroako albait alternatiba gehienak biltzea du xede.

Alternatibak lantzeari begira sei ardatz nagusi ezarri ditugu. Ardatz horiek egun bateko programa zabal baten barnean erakutsiko dira Iruñeko erdialdean. Gaikako gune moduan landuko dira, eta “auzo” deituko diegu: AuzoEKOnomia, Herriak eta lurra, Bizi Anitzak eta Duinak, Arragoa (hizkuntza, hezkuntza eta kultura), Burujabetza eta Haurren Errepublika.

Sei ildo horien bueltan, ekainaren 2ko azokan erakutsiko da sistema kapitalistatik kanpoko alternatibak badaudela, eta horretarako, bertze eredu sozio-ekonomiko baten aldeko apustua egin dutenen lana ikusgai egonen da.

Azoketan informazio-postuak izanen dira, eta baita ekonomia sozial eta solidarioko elkarteen eta enpresen salmenta-postuak ere, non produktuak eta zerbitzuak eskainiko diren: finantza etikoak, garraio jasangarria, bidezko merkataritza, energia berriztagarriak, eraikuntza, ehungintza, mezulari-zerbitzuak, turismo arduratsua, gizarteratze eta laneratzea, eta abar.

Parte hartu nahi izatekotan, irakurri kontuan izan beharreko alderdiak eta bete ezazu hurrengo galde-sorta.